LA CINTA BLANCA eta gehiago

Umeak

Ziuraski zuetako askok ikusi duzue dagoeneko Michael Hanekek zuzendutako azken filma, LA CINTA BLANCA. Nik izugarri maite dut austriar honen zinema eta honekin lortu du entzuleri handiago baten arreta, Oscar sarietan izendapena barne. Estatu Batuetan bere FUNNY GAMES lanaren “remake” amerikarra zuzendu eta gero, film berria aurrekoekin konparatuz agian “leunagoa” izan daiteke, baina itxuraz bakarrik. Zuribeltzeko fotografiak, erritmo patxadatsuak edo umeen protagonismoak ez dute ohiko mezu krudela ezkutatzen.

Normalean, Hanekeren filmetan, LA PIANISTA edo CACHE besteak beste, bortizkeriako gertaera batek zauri bat egiten du publikoaren ikuspuntuan eta bere desgogoa lortzen du askotan. Zuzendaria maisua da ikusten ez den indarkeria maneiatzen eta LA CINTA BLANCAn trebetasun hori bikaindu du mundu guztiari heltzeko. Kasu honetan, gauza txar gehiago gertatzen dira, baina, beti bezala, ezkutatzen dena da krudelena. Elipsiaren erabilera zoragarri batekin filmaren tesia ikusleak osatu beharko du. Eta Hanekeren kasuan ez da inoiz baikorra izango, baina bai ausarta eta beharrezkoa. Ez galdu.

Michelle Pfeiffer

CHÈRI desberdina da. Stephen Frearsen azken filma ikusi nahi nuen Michelle Pfeifferen itzulera ederragatik eta Colette idazlearen moldaketa bat delako. Frantziako nobelagilea ez da zineman gehiegi agertu. Bere prosa askotan ikusi da friboloa edo arina, baina loreen, jantzien eta amodio abenturen atzean bizitzaren egiak daude ere. Ez dakit zuzendariak zorroztasun hori lortu duen ala ez. Zenbait mementuetan pentsatzen dut baietz, baina ez dira nire desioak izango bere trebetasuna baino? Lehenengo minututik azkeneraino CHÈRI musikaz beteta dago, Alexandre Desplat zoragarriaren partitura batekin. Polita, bai, baina presentzia gehiegi, hutsuneak ez uzteko. Elkarrizketek, koloreek eta soinekoek ez dute atsedenik ematen ezta ere, batzutan nekatu arte. Ez, ez nintzen gustiz pozik atera.

NINE Kartela

Bai, aitortuko dut, ni musikalen zale amorratua naiz. Baina guztiak ez dira desberdinak, eta gaurkoak ez dira garai onenak. Horregatik gogoak nituen NINE ikusteko. Rob Marshallen CHICAGO izugarri gustatu zitzaidan, baina egia da hango jatorrizko materiala, antzerkikoa, askoz hobeagoa zela. NINEk ez du aparteko partiturarik, BE ITALIAN abestia da aipagarriena…Film honetan dena da luxuzkoa, antzezleak, irudia…baina emaitza nahiko hotza. Emakumeak handik pasatzen dira ia ia soilik “kaixo” esateko. Egia da ez dagoela trama handirik, bakarrik musak dira Guido zinemagile honen kezketan, eta ez inork ez dauka garapenik bere istorioan (Penelope Cruz-en pertsonaia izan ezik akaso). Hala ere, “sketch” musikalen egitura hori monotonoa bihurtzen da, ia numero guztiak eskenatoki baten gainean gertatzen direlako, kamera mugituz, bai, baina “aire” gehiegi eman gabe. Entretenigarria bakarrik, eta batez ere Daniel Day Lewisen errezitaldi histrionikoa ikusteagatik.

Todavía no hay comentarios. Se el primero.

Publica una respuesta