PAGAFANTAS, komedia beltza

Borja Cobeagak egindako lehenengo filman gehien gustatu zaidana da ematen ez duena lehen begiradan: film beltz, oso beltza eta krudela. Bai, komedia onenak bezala, Billy Wilderenak, adibidez. Ez, ez pentsa, Cobeaga oraindik ez da Wilder. Pelikula ez da gustiz perfektua bere asmoa betetzeko, eta zulo batzuk dauzka, batez ere azken partean, bat-bateko eta loturarik gabeko amaiera batekin (bai, barregarria, baina lehenago istorioak lortu duen tonua hondatzekoa).
Errealizazioa ez dugu nabarmenduko ezta ere, sinplea, funtzionala…Bakarrik, hori bai, aipatzekoak dira animalien dokumental faltsuak “pagafantas” gizakiaren portaera azaltzeko. Baina filma dibertigarria da, oso, eta hori zen nahi zuena, ezta? Helburua lortzen du eta urrunago joaten da, kutsu berezi batekin. Bere pertsonaiak, gazteak eta helduak, arruntak dira, kaleko benetako jendea bezain kaskarrak, eta ez beste espaniar telesail edo filmeetan ikusi ohi ditugun bezalakoak (beti ligatzen, drogatzen eta pisu ikusgarri batean bizi). Egoerak gehiegizkoak dira, jakina, baina hori da komediaren egitura. Kasu honetan, batez ere, bere protagonista lotsarazteko, ia ia suntsitu arte.
Eta hori da gehien gustatu zaidana, umore beltza, Alex de la Iglesiaren LA COMUNIDAD filmaren parekoa izan daitekeena. Cobeagak gidoia eta aktoreekin lortu du erritmo eta tonu propioa, bere laburmetraien estilua jarraituz, opera primaren kontra lehertu gabe. Ez du gaurko komedia aldatuko, eta ipar-amerikako batzuk borobilagoak dira, baina uste dut hau benetan gurea eta unibertsala batera izan daitekeela.
Todavía no hay comentarios. Se el primero.
Publica una respuesta
