EPIDEMIC, Von Trier gaztea

Lars aktorea ere

Gaur egun posiblea da dvd-en Lars Von Trier zuzendariaren ia filmografia osoa aurkeztea. “Filmoteca FNAC” bilduma interesgarriaren barnean EPIDEMIC daukagu, bere bigarren luzemetraia,1987an eginda. Arestian ikusi dut, eta daniar artistak beti sortzen duen interesa bueltatu da nigana: batzutan zirikagarria, beste batzutan erregarria. Baina beti klasearen lehenengo ikaslea bera dela argi uzten, hori bai, sasijakintsu madarikatua!

EPIDEMIC filmak bereziki ikasturte amaierako lana ematen du. Hala ere, ez ahaztu lehenago Von Trierrek EL ELEMENTO DEL CRIMEN egin zuela, narratiba gehiagorekin film bat, ez hain esperimentala agian. Epidemiaren kontzeptua aitzaki moduan hartuta, zuzendariak eta bere kideak lan merkea baina ausarta eta zirikatzailea egin nahi zuten. Lortu izatekotan, forma mailan izan zen bakarrik (gehienetan Von Trierrek egiten duen bezala, bere filmak ez ditugu mezuagatik gogoratuko).

EPIDEMIC zuribeltzez filmatuta dago, 35 eta 16 milimetroko pelikulak erabiliz. Kamera eskuan askotan, Dogma mugimenduaren aginduak aurreratzen, fotografia espresionista batekin, estetika itxia eta nohizbehinka morbosoa lortzen da. Istorioak inprobisatuta ematen du eta horrela izan zela kontatzen dute: gidoia oso txikia zen, soilik orri batzuk, eta eszena asko filmaldian bertan gehitu ziren. Horregatik dokumentalaren estiloak agintzen du, eta filmak saiakera baten itxura hartzen du. Zinema zinemaren barruan da abiapuntua, Lars eta bere kidea filma egiten saiatzen ari dira, eta bere zalantzak ikusleari erakusten dizkiote. Hori erdi aroko pestea gogoratzen duten fikziozko sekuentzia batzuekin nahasten da, eta bidea katartiko amaiera batean bukatuko da.

EPIDEMIC ikustea, Von Trierren lan famatuenak ezagutuz gero, bere interesak eta bilakaera hobeto aztertzeko gomendagarria da. Fnac-en dvd-ari dagokionez, ez dauka gehigarri handirik. Bakarrik 17 minutuko elkarrizketen bloke txiki bat, eta egileen audiokomentarioa.

Todavía no hay comentarios. Se el primero.

Publica una respuesta